Gipuzkoako Mendizale Federazioaren adierazpena, Formigal eta Astun eski-estazioak Canal Royatik zehar lotzeko egitasmoari buruz

21 de March de 2023

Lehenik eta behin, gatazka hau konpontzeko akordioa bilatzea, Aragoiko erakunde, gizarte-kolektibo, alderdi politiko eta ingurumenaren aldeko elkarteei dagokiela azpimarratu nahi dugu. Baina  arazo  hau Aragoiko Pirinioa maite eta gozatzen dugun mendizale  guztiona ere badela sentitzen dugu.

GMFk, aurreko paragrafoan aipatutakoak errespetatuz, Canal Roya – Anayet harana hondatuko lukeen egitasmo horren aurka dagoela argi eta garbi adierazi nahi du.

Klima-aldaketaren ondorioz elur-prezipitazioak gainbeheran daudela gero eta nabariagoa den garai honetan, etorkizun hurbilean elur-maila gero eta gorago egongo da, eta modu artifizialean sortzeko aukerak ere gero eta garestiagoak izango direla jakina denean, Aragoiko gobernuak Europar Batasuneko Next Generation funtsetako dirua erabili nahi du,  zalantzarik gabe zaharkituta dagoen aisialdi-eredu bat sustatzeko.

Etsigarria dela esatea motz gelditzen da zentzugabekeria honen aurrean. Ski-eredu zaharkituaren makro-proiektu  honek 26 milioi euroko kostua izango duela aurreikusten dute. Europako baliabide hauek datozen belaunaldiei etorkizun iraunkorragoa bermatzeko dira teorian, baina horren ordez, biodibertsitatea eta ondare geologikoa hondatzen eta Pirinioetako glaziar-haran basati bat gizatiartzen lagunduko dute.

Proiektu hau gauzatuko balitz, Aragoiko erakundeak gure biziereduak hain beharrezkoa duen iraunkortasunaren kontrako bidetik joango lirateke. XX. mendeko garapen-eredu baten alde egingo lukete, epe laburreko onura ekonomikoak bilatzen dituzten azpiegitura erraldoiekin ingurune naturalak sistematikoki suntsituz. Egungo gizarteak ez du etorkizuneko belaunaldiei Pirinioetako edertasun basatia kentzeko eskubiderik.

Horregatik, eta guztion onerako, baztertu egin behar dugu elite baten onuraz eta gutxi batzuen kapritxoagatik Canal Roya bezalako altxor natural bati kalte hain larriak eragitea.

Aragoiko eta bereziki, Huescako herritarrei, maitasunez opa diegu ingurune naturalarekin bat datorren garapen ekonomiko bat. Hor beti aurkituko gaituzue, zuen lurraldean eta zuen mendietan gure presentziarekin ahal dugun neurrian lagunduz.

Orain arte azaldu dugunagatik, gure federatu eta elkarteei, Aragoiko Mendien Defentsarako Plataformari babesa eman eta zentzugabeko proiektu hau geldiarazteko ekimen hau sinatzea eskatzen diegu.

Sinatu hemen

Más noticias

0 Comments

Share This